2026ko hirugarren hiruhilekoak berretsi egin du gure aurreko txostenean ohartarazten genuena: Iranen eta Ormuzko itsasartearen inguruan lortutako barealdia hauskorra zen, Estatu Batuen eta Iranen arteko erasoak irailaren hasieran berriro hasi izanak erakutsi zuen bezala. Uztailean, Brent upela 70 dolarren inguruan kotizatzera iritsi zen; horren ostean, baina, itsasontzien kontrako eraso berriek eta itsasarteko trafikoaren murrizketak 100 dolarretik gora eraman zuten berriz ere petrolioaren prezioa. Iranek itsas pasabidea berriz irekitzeko proposamenak gorabehera -Estatu Batuek baldintza batzuk onartuz gero-, oraindik ere ez dugu akordio sendo eta iraunkor baten oinarririk ikusten kontrajarritako interesak dituzten bi blokeen artean.
Energiaren prezioaren igoerak diru-politika gogoratzera bultzatu ditu banku zentralak. Hala, Euroguneko inflazioa % 3,8raino igo zen irailean, hau da, azken urteotako maila altuenera; azpiko inflazioa, berriz, % 2,5 izan zen. Espainiako datua are altuagoa izan zen: % 5. Testuinguru horretan, EBZk bigarren aldiz igo zituen urtean interes-tasak, irailaren 10ean egin zuen bileran: 25 oinarrizko puntu, gordailu-fazilitatea % 2,50ean utziz. Bere proiekzioen arabera, 2026ko batez besteko inflazioa % 3 izango da, eta ez dute helburuaren ingurura itzultzen 2028ra arte. Pentsatzen jarraitzen dugu igoera berrietarako marjina mugatua dela, zeren inflazioaren jatorria eskaintzaren schock bat baita, eta ez eskaria gehiegizkoa izatea; dena dela, europar ekonomiak apur bat harritu du bigarren hiruhilekoan, zeren % 0,4ko hazkundea izan baitu.
Erreserba Federalak, berriz, 25 oinarrizko puntuz igo zituen tasak bere irailaren 16ko bileran, % 3,75-% 4,00ko tarteraino; 2023az geroztik egindako lehenengo igoera izan da. Kevin Warshek argi utzi zuen erakundearen lehentasuna prezioen egonkortasuna zela -AEBetako KPIa % 3,7 izan zen irailean-. Era horretan, etenik geratzen da, oraingoz behintzat, 2026ko hasieran merkatuak espero zuen tasen jaitsiera-zikloa.
Errenta finkoa izan da hiruhilekoaren protagonista nagusia, zeren errentagarritasunek gora egin baitute kurba osoan. Europan, bi urterako bonu alemana % 2,8tik -ekainaren amaieran- % 3,19ra -iraila ixtean- pasatu zen. Tarte luzean, hamar urterako bonu alemanak % 3,5aren gainetik bukatu zuen hiruhilekoa, 2011z geroztik ikusi gabeko mailara iritsiz. Mugimendua are biziagoa izan da AEBetan, zeren hamar urteko bonuaren errentagarritasuna 87 oinarrizko puntuz igo baitzen hiruhilekoan, irailaren amaieran % 5,29ra iritsiz -2007az izandako maila altuena-. Europan, ikuspuntu negatibotik Frantzia nabarmentzen da, zeren bere tasen kurbak tentsio nabaria izan baitu bere kontu publikoen arazo estrukturalengatik. Kreditu korporatiboak ere jaitsierak izan ditu hiruhilekoan, baina uste dugu are gehiago narriatu daitekeela, batez ere kalitate txikiagoko enpresetan. Aurrekoaren ondorioz, errenta finkoko indize gehienak errentagarritasun negatiboak izaten ari dira 2026an. Erreferentzia gisa, zor publikoaren eta kalitatezko kreditu korporatiboaren bilakaera jasotzen duen Bloomberg EuroAgg Total Return Indexek -% 2,52eko errentagarritasun negatiboa izan du aurten, orain arte.
Errentagarritasunen igoerak zorroetako bonuen prezioaren jaitsiera dakar berekin, eta horrek berriz ere zigortu ditu zorro kontserbadoreenak. Hala eta guztiz ere, komenigarria da mugimendu hori etorkizunaren ikuspegitik irakurtzea: kreditu-kalitate handieneko bonuek aurreztaile kontserbadorearentzat gaur egun eskaintzen dituzten errentagarritasunak ez ditugu aspalditik ikusi. Kontuan hartuta errenta finkoko merkatuen egoera are gehiago narriatu litekeela, inflazio-arriskuagatik eta kreditu-baldintzak gogortzeagatik, jarrera kontserbadorea mantentzen dugu, iraupen laburrekin eta kalitate goreneko jaulkitzaileen aldeko lehentasun argiarekin.
Errenta aldakorrak erresilientzia azpimarragarria erakutsi du, interes-tasen inguruneak okerrera egin arte; dena dela, hiruhilekoa tonu apalagoarekin itxi da. Eurostoxx 50 indizeak jaitsiera txikiekin bukatu zuen hiruhilekoa, baina urtean metatutako errentagarritasun positiboa mantentzen du: +% 8,25. S&P 500ek, berriz, + % 12 inguruko erretornu positiboak metatzen ditu 2026an, baina igoerak gidatzen dituena Nasdaq indize teknologikoa da (+ % 20,4ko igoera 2026an), eta horrek agerian uzten du igoerak oso kontzentratuta daudela adimen artifizialari lotutako enpresa teknologiko handien talde txiki batean.
Burtsen euskarri nagusia enpresa-etekinek izaten jarraitzen dute, eta, hirugarren hiruhilekoari dagokionez, estimatzen da S&P 500eko enpresek % 30ko hazkundea izango dutela. Nolanahi ere, AAri lotutako konpainien balorazioei buruzko eztabaida areagotu egin da, eta interes-tasa altuagoek erakargarritasuna kentzen diete balioa denbora luzeko etekinen mende duten akzioei; horrek, aldi berean, oztopatu egiten du euren inbertsio-plan handiei heltzeko behar duten finantziazioa eskuratzeko bidea. Horrek indartzen du kudeaketa aktiboaren eta zorro dibertsifikatuen alde egin dugun apustua, esposizio mugatua izanik euren balorazioa adimen artifizialari buruzko espektatiben mende duten konpainien aurrean, indizeen erreplikan oinarritutako produktuek egiten dutena ez bezala.
Interes-tasen igoerak markatutako hiruhileko honetan, moda eta narratiba konkretuetatik urrundutako kudeaketa zuhur eta dibertsifikatuaren alde dugun konbentzimendua berresten dugu. Testuinguru horretan, gure Errenta Finkoko Surnepentsio plan kontserbadoreak +% 0,04ko errentagarritasuna lortu du urtean, gure Surnepentsio Misto plan zuhurra + % 2,30era iritsi da urtean, eta gure Errenta Aldakorreko Surnepentsio plan dinamikoak +% 7,81 lortu du urtean.



