Iran eta Ormuzko Itsasartea inguratzen dituen gatazkaren tentsioa aldi baterako murrizten lagundu duten akordio eta adierazpenak gorabehera, lortutako egonkortasunak hauskorra izaten jarraitzen du, eta berehala aldatu daiteke, ikusi berri dugun bezala. Oraingo testuinguru aldakor honetan, bereziki arriskutsua da konklusio sendoak ateratzea hiruhileko konkretu baten amaieran egindako argazki puntual batetik. Jarrera eszeptikoa dugu bake-akordio sendo eta iraunkor bat lortzeko aukeraren aurrean, zeren bi blokeen interesak guztiz kontrajarriak baitira.
2026ko hasieran, merkatuak espero zuen bai Europako Banku Zentralak eta bai -bereziki- Erreserba Federalak aurrera jarraituko zutela interes-tasak murrizteko prozesuan, hilabete batzuk lehenago hasitakoaren bidetik. Nolanahi ere, Ekialde Hurbileko gatazkatik eratorritako inflazio-presioen eraginez, banku zentralek euren diru-politikaren estrategia birplanteatu behar izan dute epe laburrera. Ildo horretatik, EBZk interes-tasen igoera prebentibo bat inplementatu zuen ekainean, 25 oinarrizko puntukoa, baina uste dugu igoera gehiagorako marjina mugatua dela, zeren inflazioaren gorakadak eskaintzaren schock baten ondorioa baitira; izan ere, Euroguneko ekonomiak dinamismo falta agerikoa erakusten du, urte arteko hazkundea ez baita ia % 0,3ra iristen. FEDek, berriz, hasierako tasa handiagoak abiapuntutzat hartu zituenez, tasa horiek aldatu gabe mantentzea erabaki zuen, Kevin Warshek erakunde horren buru gisa egin zuen lehenengo bileran. AEBetako azpiko PCE, hots, FEDek inflazioa neurtzeko lehenesten duen neurria, % 3,4aren ingurukoa zen ekainean, hau da, helburutzat hartutako % 2 baino askoz ere handiagoa. Hazkunde ekonomikoari dagokionez, beraren urtetik urterako indizea % 2,1era iritsi zen, baina hazkunde horren erdia baino gehiago adimen artifizialean egindako inbertsioari zor zitzaion.
Erreferentziazko tasa handiagoak espero zirenez, bonuen epe laburrerako errentagarritasunak nabarmen igo dira; hala, bi urterako bonu alemanak % 2,12ko errentagarritasuna zuen urte hasieran, eta orain, berriz, % 2,8ra iritsi da. Horrekin batera, kreditu-diferentzialak historikoki estuak diren mailetan daudenez, bonu-zorro kontserbadoreek gehiago sufritu dute urtearen lehenengo zati honetan, eta horrek, gure ustez, errentagarritasun-arrisku binomio erakargarriagoa eskaini du. Gatazka espero zen baino gehiago luzatzeko arriskuak prezio-igoera nabariak ekar litzake, eta horrek erantzun sendoagoa ematera behartu litzake banku zentralak, hazkunde ekonomikoa gelditzeraino iritsiz; bada, horrek eragin nabaria izango luke bonu korporatiboetan, gaur egun balorazio zorrotzetan kotizatzen baitute.
Errenta aldakorrak, aldiz, sendotasun handia erakutsi du urtearen lehenengo zatian. Eurostoxx 50 indize europarrak urteko % 9,27ko errentagarritasuna zuen ekainaren amaieran; S&P500aren balioa, berriz, % 9,55 igo zen, bere errentagarritasuna AArekin lotutako balioetan nabarmen kontzentratuta; hala, amerikar indizearen bilakaeraren % 50 inguru fenomeno horri egotzi dakioke. Adibidez: AEBetako erdieroaleen sektorea + % 100 inguru birbalorizatu da lehenengo seihilekoan. Etorkizunerako arrakasta handiak iragartzen dituzten narratiben inguruan inbertitzaileek erakusten duten lilura agerian zuten duen beste gertaera esanguratsu bat SpaceX ekainean burtsaea atera izana izan zen; izan ere, bere debut arrakastatsuan 75.000 milioi dolareko inbertsioa ekarri baitzuen, espero zen eskaria baino 4 aldiz gaindituz. Hasierako birbalorazio mardulen ostean -+ % 50ekoak izatera iritsi ziren-, argitalpen honen datan akzioak bere burtsako debutaren - %15eren azpitik kotizatzen du.
Kontzentrazio maila handi horrek indartu egiten du kudeaketa aktiboaren balioaz dugun konbentzimendua, indizeen erreplikaren aurrean; horregatik, gure zorroek esposizio mugatua mantentzen dute haien balorazioak adimen artifizialari lotutako inbertsioen etorkizuneko arrakastaren mende ia soilik jartzen dituzten konpainien zorroen aldean. Enpresa teknologiko nagusietako batzuek konprometitutako kapital-gastuaren bolumena izugarria da, eta oso konplexua da estimatzea, zehaztasunez, zein izango den inbertsio horren erretornu ekonomikoa. Gure ikuspegiaren funtsa da zorro orekatuak eraikitzea, dibertsifikazioa nabarmenduz errentagarritasun iraunkorrak epe luzera lortzeko mekanismo gisa, moda edo narratiba konkretuetan oinarritutako erabakiak saihestuz.
Testuinguru horretan, gure Errenta Finkoko Surnepentsio plan kontserbadoreak + % 0,56ko errentagarritasuna lortu zuen seihilekoan; gure Surnepentsio Mistoa deritzan plan zuhurra, berriz, + % 1,47ra iritsi zen, eta Surnepentsio Errenta Aldakorra plan dinamikoak + % 8,11 erregistratu zuen, zuhurtziaren eta aukeraren artean mantendu dugun oreka islatuz, gure zorroen dibertsifikazio geografiko eta sektoriala islatzeaz batera.



