Enpresa askotan, laneko baja baten arriskua antolakuntzaren ikuspegi hutsetik aztertzen da: nork beteko ditu zereginak, nola birbanatuko da lana, edo zenbat denbora egongo da langilea enpresatik kanpo?
Nolanahi ere, bajak funtsezko langile bat ukitzen duenean, inpaktua askoz ere sakonagoa izan daiteke. Kontua ez da eginkizun batzuk ordeztea soilik, baizik eta beste alderdi hauek ere betetzea: ezagutza, esperientzia, bezeroekiko harremana, gaitasun teknikoa edo urtez urte metatutako ardura operatiboa.
Funtsezko langile bat honako hau izan daiteke: zuzendari komertziala, finantza-arduraduna, ekoizpen-burua, teknikari espezializatu bat, bezero jakin batzuekiko harremana kontzentratzen duen pertsona bat, edo negozioaren arlo kritiko bat koordinatzen duen pertsona. ETE askotan, horrelako postuek ez dute berehalako ordezkorik izaten.
Aldi baterako ezintasuna, gainera, enpresentzat gero eta garrantzitsuagoa den fenomeno bihurtu da. AIReFen arabera, kontingentzia arrunteko prozesuen batez besteko iraupena 40 egunekoa izatetik 45,9 eguneko izatera pasatu zen 2017tik 2024ra, hau da, iraupen metatua % 14,8 hazi da.
Hilabete eta erdiko baja bat arrazoizkoa izan daiteke postu jakin batzuetan. Baina eginkizun kritiko bat betetzen duen pertsona bat ukitzen duenean, epe hori nahikoa izan daiteke atzerapenak sortzeko, bezeroen galera ekartzeko, taldea gehiegi kargatzeko, zuzendaritzan tentsioa sortzeko edo zerbitzuaren kalitateari kalte egiteko.
Arazoa are larriagoa da baja luzatu egiten bada. Lege aldetik, aldi baterako ezintasuna 365 egunekoa izatera iritsi daiteke, eta postu jakin batzuetan beste 180 egunez luzatu daiteke. Aldi hori bukatuta, balizko ezintasun iraunkorraren balorazioa has daiteke.
Aldi horretan, Gizarte Segurantzak langilearen egoera babesten du neurri batean, baina ez du ezinbestean babesten haren absentziak enpresan sortzen duen inpaktua. Prestazio publikoak ukitutako pertsonaren diru-sarreren galerari erantzuten dio, baina ez produktibitate, salmenta edo ezagutzaren galerari, ezta erakundeak bere kudeaketan jasan dezakeen ahalmen-galerari ere.
Horregatik, funtsezko langile baten baja luzea enpresa-arrisku gisa aztertu behar da. Enpresa batek pertsona baten beharra baldin badauka bezero-zorroa mantentzeko, negozio-ildo bat zuzentzeko, makina kritiko bat operatzeko, proiektuak gidatzeko edo informazio sentikorra kudeatzeko, haren absentziak zuzeneko eragina izan dezake emaitzetan.
Testuinguru horretan, funtsezko langileak babestea ez da lan-baldintza onak eskaintzea soilik. Horrez gain, aurreikusi behar de zer gertatuko litzatekeen horrelako pertsona batek ezingo balu zenbait hilabetez lan egin, edota, baja luze baten ostean, horrek ezintasun iraunkor bat ekartzen balu.
Aldi baterako ezintasunaren aseguruen moduko tresnak lagungarriak izan daitezke une kritiko batean likidezia ekartzeko, betiere polizaren diseinu eta baldintzen arabera. Kapital hori baliagarria izan daiteke ordezko bat kontratatzeko, taldea indartzeko, diru-sarreren jaitsiera konpentsatzeko, ohiz kanpoko kostuak ordaintzeko edo barne-antolaketa errazteko.
Ez da pertsona bat soilik aseguruaz babesten; horrez gain, enpresarentzat funtsezkoa den eginkizun baten jarraitutasuna ere babesten da. Kasu honetan, diferentzia da arriskua ez dagoela negozioaren jabetzan, baizik eta enpresak langile jakin batzuekin duen mendekotasun operatiboan.
Azken batean, funtsezko langile baten baja luzea arazo bihur daiteke jarraitutasun, produktibitate eta egonkortasun ekonomikoaren ikuspuntutik. Pertsona kritiko horiek nortzuk diren aurretik identifikatzea eta haien absentzia nola babestu daitekeen aurreikustea lagungarria da enpresak bere kalteberatasuna murriztu dezan eta bere funtzionatzen jarraitzeko ahalmena zaindu dezan.



