Imagen de cabecera noticias

2022ko bigarren hiruhilekoa: finantza-merkatuen bilakaera

12 Uztaila 2022
Surne, evolución de los mercados financieros

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka armatua laster bukatuko zela aurreikusten zuten aditu geopolitiko batzuen iragarpenak okerrak izan dira, zeren kontrakoa gertatu baita, alegia, badirudi gero eta konplikatuagoa dela bi blokeentzat onargarria den irtenbide diplomatiko bat aurkitzea.

NATOk Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak, Kremlinek hartutako neurriekin batera, prezioak garestitzen ari dira, eta horrek eragina du maila globalean, batez ere Europan, errusiar gasarekin duen mendetasun handiagoagatik. Gogora dezagun zer unetan gertatzen den hau, alegia, zerga- eta diru-agintaritzak ahalegin historiko bat egiten ari zirenean ekonomia suspertzeko, COVID-19aren krisiak ekarritako kolpe gogorraren ostean. Diru-injekzio horiek, mugikortasunerako murrizketen garaian familiek lortu zuten aurrezpenarekin batera, eskariaren igoera bultzatu zuten, eta horrek tentsioak sortu zituen, azkenean, ekoizpen-kateetan.

Inflazio-espiral horren guztiaren ondorioz, urte arteko inflazioa % 8,6ra iritsi da AEBetan eta Eurogunean, eta Espainian % 10,2ra iritsi da. Oso datu kezkagarriak.

Horren ondorioz, Erreserba Federalak  50 op igo zituen interes-tasak maiatzean, eta ekainean 75 op. EBZk, berriz, bere diskurtsoa gogortu zuen, eta urteko hirugarren hiruhilekoan bi tasa-igoera egiteko aukera aipatu zuen. Jokaleku horretan, 10 urterako amerikar bonuaren errentagarritasuna % 3,5ra iritsi zen ekainean, eta Espainiakoa % 3,13 ordaintzera iritsi zen garai horretan. Bonuak zero tasatik % 3tik gorako etekinera azkar pasatzeko joera horrek jaitsiera historiko bat ekarri du bonuen prezioan (eta, hortaz, errenta finkoko funtsen balorazioan); izan ere, errenta finkoko merkatu globalek jaitsiera historikoekin bukatu zuten seihilekoa:  -% 12,2ko jaitsiera investment grade bonuen kasuan eta - % 14,9ko jaitsiera high yield bonuen kasuan.

Beste alde batetik, Banku Zentralen gogortasuna, 0 Covid politikagatik Txinan mugikortasunari jarritako murrizketekin batera, hazkundea moteltzen ari da mundu mailan. Hala, bere azken estimazioetan ELGAk % 3ra jaitsi zuen hazkunde globala, aurreikusitako % 4,5aren ordez, eta 2023erako % 3,2tik % 2,8ra jaitsi ditu bere aurreikuspenak.

Hala, kezka nagusia da ekonomia atzeraldian sartzea. Horri dagokionez, egoera hori gertatzeko aukerak igotzen dituzten zantzuak agertzen hasi dira; adibidez: amerikar BPGa - % 0,4 murriztu zen lehenengo hiruhilekoan. Orobat, jaitsiera esanguratsua gertatzen ari da metalen prezioetan, eta horiek bereziki sentikorrak dira ekonomiaren bilakaera iragartzerakoan.

Errenta finkoaren zuzenketa mardulaz gain, burtsek oso seihileko negatiboa amatu dute, merkatuen zuzenketa orokorra gertatu baita. Horrez gain, kostuen igoeraren eraginez enpresa-etekinen inguruan dagoen ziurgabetasunak eragozten du aurreikuspen garbiak egotea datozen hilabeteetarako. Ibex 35 –% 7,06ko errentagarritasun negatiboarekin bukatu zuen seihilekoa; Eurostoxx 50 eta Nasdaq 100 indizeek, berriz, -% 19,62 eta -% 29,51 galdu zuten, hurrenez hurren.

Datozen egunetan, oso garrantzitsua izango da inflazioaren datuak gertutik jarraitzea, Banku Zentralen diru-politikaren arloko erabakiekin batera; ikusi beharko da, orobat, zer neurri hartzen dituen Errusiak gasaren esportazioaren inguruan, Europari hornidura guztiz moztea arrisku nagusia izanik, horrek inplikazio ekonomiko larriak izango bailituzke.

Noticias Relacionadas

17 Apirila 2024
Nahiz eta autonomoek –normalean- “uste duten” ez dutela jasaten euren jarduera ekonomikoaren konpromisoak betetzea eragozten dien istripurik edo gaixotasunik, Gizarte…
22 Martxoa 2024
2023ko azaroan Espainian erregistratutako langabeak 2,7 milioi baino gehiago izan arren, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera, beti ez da erraza izaten lanpostu jakin…
26 Otsaila 2024
Bizitza-aseguru baten kontratazioa une garrantzitsua izaten da, arrazoi batzuengatik. Iturria: IATI