Imagen de cabecera noticias

Enpresen babesa: funtsezko pertsonen galera, gertatzen diren gauzak

15 Martxoa 2021
Perdua-persones-critiques
Arrisku horiek aztertzea eta baloratzea, haien iraupenaren bermea dira.

Modako enpresa ospetsu batean hainbat urtez soldatapean lan egin ostean, Pilarrek erabaki zuen jauzia ematea eta bere enpresa propioa sortzea. Bazituen beharrezkoak ziren esperientzia, kontaktuak eta ezagutza; aspalditik zebilkion ideia buruan, baina ez zen urratsa egitera iristen. Bere lagun batekin  -María- konpartitzea izan zen bere erabakirik onena. María liluratu egin zen ideiarekin; ez zuen esperientziarik, baina bai lan egiteko eta ikasteko gogoa, eta proiektuan laguntzeko baliabide ekonomikoak ere bai. Horrela sortu zen NUEVAS CREACIONES S.L., Pilar eta María bazkide sortzaileak izanik.

Lehenengo urteak  gogor eta zorrotzak izan ziren, baina baita atsegingarri eta aberasgarriak ere, batez ere Maríarentzat, zeren sektorea ez baitzuen ezagutzen. Urtean bitan Paris eta Milanera bidaiatzen zuten, sasoi bakoitzaren hasieran erakusleihoetan egon behar ziren salgaiak erosteko. Hirugarren urtean nabarmen hazi ziren salmentak, eta irabaziak ikusten hasi ziren. Espero zen baino hobeto zihoan guztia. Bat-batean, baina, guztiz ustekabean, Pilar bihotzekoak jota hil zen. Zorigaitzak guztiz paralizatuta utzi zuen María; galera pertsonal konponezinari bere bazkide guztiz baliagarriaren galera gehitzen zitzaion, hots, azken urteetan negozioa gidatu zuen bazkidearen galera.  Bere lehenengo ideia enpresa ixtea izan zen, baina gero birpentsatu zuen (azken batean, bere diru-iturri bakarra zen), laguntzaile bat kontratatu zuen eta ahalegin izugarria egin zuen aurrera egiteko, baina bizitzen ari zen egoerak eragotzi zion udako sasoira garaiz heltzea, eta, hortaz, urteko fakturazioaren erdia galdu zuen. Horren ostean, lehenengo ez-ordaintzeak etorri ziren, bai hornitzaileei eta bai bazkideek pertsonalki abalatu zuten maileguarenak. Orduan, bankuak abal-emaile berri bat eskatu zuen (hitzartuta zegoen abala iraungi egingo zela heriotzarekin), eta gogorarazi zuen abal-emaile berririk ez ekartzea (ordainketak erregularizatu arren) mailegua aldez aurretik azkentzeko kausa zela. Maríak Juanekin hitz egin zuen –Pilarren alarguna-, eta honek onartu zuen maileguaren operazioa bermatzea, Pilarren ordez. Harrezkero, baina, ez zuen lortu ia ezer gehiagoz konbentzitu. Juan beraren bazkide berria zen orduan (Pilarren oinordeko gisa), bakoitzak enpresaren ehuneko berrogeita hamar zeukan, eta ez zeuden ados ia ezertan ere. Amaieraren hasiera izan zen. Hilabete gutxi batzuk geroago, NUEVAS CREACIONES, S.L. itxi egin zen.


Nola saihestu ote zitekeen enpresaren itxiera?


Enpresa bere aktibo garrantzitsuena galtzetik babestuz, hots, pertsonak galtzetik babestuz. Enpresa sortu zutenean, Maríak aseguru bat kontratatu zuen bere negozioa balizko sute batetik babesteko (salgaiak galtzeko beldurragatik), eta Erantzukizun Zibileko aseguru bat (norbait dendan irristatzeak sor zezakeen kalteagatik), baina inork ez zion iradoki bere aktibo garrantzitsuena -bere bazkideak- galtzetik babestea. Pentsatu ere ez zuten inoiz pentsatu norekin jarri beharko zuten ados, hurrengo egunean, bestea hilez gero.

Badira gure enpresen ondare eta ondasunei mehatxu egiten dieten arriskuak, eta, hortaz, haien iraupena kolokan jar dezaketenak (ikus infografia). Guztiak estalita egoten ez badira ere, edo behintzat ez osorik, egia da enpresek badutela horrelako arriskuetatik babesteko joera.

Hala eta guztiz ere, aztertutako kasuan ikusi dugun bezala, ez dute hori egiten euren erakundeetako funtseko pertsonen arriskuen aurrean. Aurreikusi daitezkeen arriskuak dira, enpresarentzat galera ekonomiko  mardulak ekarri ohi dituztenak, eta baita enpresa ixtera eraman dezaketen gatazka-egoerak ere. Hori horrela izan arren, enpresaren babesak gainditu gabeko irakasgai bat izaten jarraitzen du alor horretan.

Arrisku horiek aztertzea eta baloratzea, bazkideei sor zekizkiekeen eszenario horiek aurreikustea eta arautzea, eta enpresei beharrezkoa den finantziazioa ematea, une zail horietatik aurrera ateratzen ahalbidetzen dieten aseguru-tresnen bidez, haien iraupenaren bermea dira, zalantzarik gabe.

Noticias Relacionadas

8 Ekaina 2021
40 itsasontzik parte hartu zuten beste klase batzuetan 'Biobizz’, ‘Kribi’, ‘Marmotinha’ eta ‘Bacilón’ irabazle izan zituen jardunaldi honetan
8 Ekaina 2021
Pertsonekin lotutako arriskuek enpresaren iraupena galtzera edo mugatzera eraman dezakete.
3 Ekaina 2021
Datorren larunbatean, ekainak 5, ia 40 itsasontzik parte hartuko dute 1964an sortu zen txapelketa historiko honetan.