Imagen de cabecera noticias

Negozioen jarraitutasuna: asegurua eta beste gako batzuk

03 Maiatza 2024
hombre trabajando en una máquina

Betidanik, eta orokorrean, kontsideratu izan da enpresen jarraitutasuna bermatuta geratzen zela Kalte Propioen eta Erantzukizun Zibilaren aseguruen kontratazioarekin; izan ere, suposatzen zen aseguru horiek estalitako zirkunstantziaren bat gertatuz gero, aseguruaren prestazioa eta enpresariaren “arraza eta esperientzia” aski izango zirela jardueraren garapen normalizatuarekin jarraitzeko. Gaur egun, aldiz, badakigu hori ez dela horrela.

Badira zenbait forma Jarraitutasun Plan bati heltzeko, aztertu nahi dituen gertakizunen arabera. Nolanahi ere, edozein gertakizunetan lau oinarrizko urrats aurkituko ditugu, hots, Jarraitutasun Plan sinple eta eraginkor bat izateko beti aurreikusi behar diren lau urrats:

  1. Mehatxuak identifikatzea eta hurrenkeran jartzea.
  2. Horietako bakoitzak izan dezakeen inpaktua aztertzea eta kuantifikatzea.
  3. Gertakizunen eta Berreskurapenaren Plan bat diseinatzea mehatxu bakoitzerako.
  4. Jarraitutasun Plana ezartzea eta urtero auditatzea.

1. MEHATXUAK IDENTIFIKATZEA

Enpresaren jarraitutasunerako mehatxuak zenbait multzotan sailkatu dezakegu, ondorio moten arabera. Aurretiko urrats gisa, negozioaren funtsean berez dauden arriskuak identifikatuko ditugu, hala nola: ea salduko diren ondasun eta zerbitzuek eskaria ote duten benetan merkatuan, ea tarterik dagoen konkurrentziaren artean bizirik irauteko, edo ea eskariak bere horretan iraungo duen etorkizunean. Arrisku horiek ez ditugu hemen aztertuko, zeren negozioaren oinarriari lotutako enpresa-arriskua baitira, hots, mozkina bilatzearen justifikazioa.

Puntu hori gaindituta, enpresaren jarraitutasunerako mehatxuak hiru arrisku-multzo nagusitan sailkatu ditzakegu:

  • Enpresaren ondasunen kontrako kalte materialek eragindako arriskua (higiezinak, makineria, ibilgailuak, merkantziak, ekipo informatikoak, programak…), edo mozkinak galtzeko arriskua.
  • Erantzukizunei lotutako arriskuak (jardueratik edo kudeaketa-ekintza okerretatik eratorritako kalteak, hirugarrenei eragindakoak).  
  • Pertsonen galeragatik sortutako arriskuak (bazkideen heriotza edo ezintasuna, funtsezko langileak, talentuaren ihesa…).

2. MEHATXUEN AZTERKETA ETA KUANTIFIKAZIOA

Identifikatutako mehatxu bakoitzaren aurrean, aztertu behar dugu zer ondorio izan ditzakeen arriskua gertatzeak jardueraren jarraitutasunerako, honako hau kontuan hartuta: gertakizuna gertatzeko probabilitatea eta gerta daitekeen kaltearen intentsitatea. Garatzen den jarduerak eta laneko ondasunek adieraziko digute, gutxi gorabehera, non dauden arrisku nagusiak enpresa bakoitzerako.

Hala, material sukoiekin edo berotze-prozesuekin lan egiten duten enpresetan, suteak gertatzeko arriskuan kontzentratuko gara; ondasun preziatuak dituzten edo sarbidea kontrolatzeko ezintasuna duten enpresetan, berriz, lapurreta izango da arrisku nagusia; osasunarekin edo irudiarekin zerikusia duten jardueretan, erantzukizun zibileko arriskua izango da nagusia; garraio-enpresetan, merkantziaren gaineko arriskuak izango dira azpimarragarrienak; eta euren osotasun fisikorako arriskutsuak diren lanak garatzen direnean, pertsonen gaineko arriskuek izango dute lehentasuna.   

Mehatxuak kasu bakoitzean kuantifikatzeko, gehieneko galera posiblea eta gehieneko galera probablea hartuko ditugu erreferentetzat, kontuan hartuta bai galeraren probabilitatea eta bai galeraren zenbatekoa murrizteko jadanik ezarrita dauden prebentzio- eta babes-neurriak.

3. GERTAKIZUNEN ETA BERREKURAPENAREN PLANA DISEINATZEA

Enpresak dituen mehatxuak identifikatu, aztertu eta kuantifikatu ondoren, horietako bakoitzari buruzko erabakiak hartu beharko ditugu, aukera nagusiak honako hauek izanik:

  • Arriskua onartzea, arrazoi hauengatik:
  1. negozioaren funtsa da.
  2. arriskuak izan dezakeen ondorioa ez da enpresaren jarraitutasunean eragina izateko bezain garrantzitsua.
  3. gertakizunaren probabilitatea oso txikia da.
  4. galeraren balizko zenbatekoak ez du justifikatzean prebentzio edo babesaren kostua. Adibidez, kristalen apurketa ez aseguratzea, garrantzi gutxikoa dela kontsideratzen bada, apurketa gertatuz gero kristala ordeztea onartuz.
  • Arriskua saihestea, jarduera edo beraren zati bat egiteari utziz, arriskua ezin onartuzkoa dela iritzita, edo jarduerarako garrantzi gutxi duelako. Adibidez, bazar batean piroteknia saltzeari utziz, lehertze-arrisku handia saihesteko.
  • Prebenitzea, babes-neurriak eta segurtasun-protokoloak txertatuz, istripua gertatzeko probabilitatea minimizatzeko edo beraren inpaktua murrizteko. Adibidez, lapurreten kontrako alarmak edo ke-detektagailuak jarriz.
  • Arriskua transferitzea, aztertutako arriskuak gertatzeko probabilitatea estaltzen duten aseguruak kontratatuz, edo jarduerak esternalizatuz, baldin eta haien arriskua enpresak bere instalazioetan onartzen duen arriskuaren gainetik badago. Adibidez, altzarien ekoizle batek pintatze- eta lakatze-lanak esternalizatzen ditu, edo kalteetarako aseguru bat kontratatzen du.

Arrisku bakoitzaren aurrean nola jokatuko den erabaki ondoren -horretarako, lehen aipatutako aukeretako batzuk konbinatu daitezke-, Gertakizunen Plan bat diseinatu ahal izango da. Plan horretan, arrisku horien xehetasuna, kontratatzea erabakitzen diren aseguruen estaldurak eta prebentzio- edo babes-neurriak jasoko dira, eta, horrez gain,  gertakizuna gertatuz gero aplikatu beharreko jarduera-protokoloa ere zehaztu beharko da, honako puntu hauek azalduz: gertaeraren ostean gauzatu beharreko ekintza guztiak, planak ukitutako pertsonala edo zeregin bakoitza bere gain hartuko duten arduradunak.

Kalte Materialen kasurako, balizko hornitzaileen zerrenda bat eduki beharko da, baita agian aurrekontuak ere, higiezinak konpontzeko edo berreraikitzeko, makineria eta ekipoak konpontzeko edo ordezteko; halaber, kostuei eta denborari buruzko azterlanak ere egin daitezke, edo balizko obretarako baimenei buruzko informazioa eskuratu.

Kalte Pertsonalen kasurako -edo pertsonen galerarako-, informazio garrantzitsua lan-merkatuaren egoeran kontzentratuko da; hala, aztertu beharko da ea aldi baterako pertsonala edo pertsonal finkoa kontratatu daitekeen, eta zer kostutan, langileen balizko bajak betetzeko, edo aktibo horien prestakuntza aurreikusi beharko da. Funtsezko pertsonarik egonez gero, Gertakizunen Planak enpresako lanpostu garrantzitsuenei buruzko azterlan bat sartu beharko du barne, eta, gutxienez, informazioa jaso beharko langile horiek ordezkatzeko moduari buruz, hau da, zer enpresa edo prestakuntza-zentrotara jo daitekeen balizko ordezkoak bilatzeko. Bukatzeko, bazkideen galeraren kasuetan, Gertakizunen Planaren ardatza izango da finantzatutako irtenbide juridiko bat formalizatzea, jardueraren jarraitutasuna bermatu ahal izateko, eta horretarako baliteke kapitala behar izatea (aseguruak eman dezake beharrezkoa den kapitala).

4. JARRAITUTASUN PLANAREN EZARPENA ETA AUDITORIA

Lehenik eta behin, gerta litezkeen istripu edo ezbeharren simulakroak egingo dira; ekoizpen-ondasunak konpontzeko edo birjartzeko aurrekontuak eguneratuko dira, sinatutako estaldura-aseguruak egokitzeko; larrialdietan jarduteko protokoloak berraztertuko dira, eta, orokorrean, diseinatutako Jarraitutasun Planean eragina izan dezakeen edozein alderdi.

Geroago, nolabaiteko aldizkakotasunez (gomendatzen da urtero egitea), arriskuen kudeaketaren arloko aditu baten eskutik, Gertakizunen Plana eta Aseguruen Programa berraztertzeko prozesu bati heldu beharko zaio,  jarduerarekin jarraitzeko aukerak oso-osorik mantentzeko une orotan.

Noticias Relacionadas

3 Maiatza 2024
2023. urtea eztabaida batez bukatu zen, alegia, ea ekonomiak lur-hartze leuna lortuko zuen ala atzeraldi ekonomikoko garai bat hasiko ote zen.
17 Apirila 2024
Nahiz eta autonomoek –normalean- “uste duten” ez dutela jasaten euren jarduera ekonomikoaren konpromisoak betetzea eragozten dien istripurik edo gaixotasunik, Gizarte…
22 Martxoa 2024
2023ko azaroan Espainian erregistratutako langabeak 2,7 milioi baino gehiago izan arren, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera, beti ez da erraza izaten lanpostu jakin…